Bidaiari

Burdinbidearen Museoan, hamar zirkulazio berezi Aste Santuan

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak 2025eko lurrunezko trenen denboraldiari ekingo dio apirilaren 17an, Azpeitiko instalazioetatik Lasaoko geltokirako zirkulazioekin. Aste Santuko tren irteerak apirilaren 21era arte izango dira. Giutxienez, bi jarriko dira martxan: bata, 11:00etan eta bestea, 16:30ean.

Irteera bereziak antolatuko dira Aste Santuan.
Irteera bereziak antolatuko dira Aste Santuan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Azpeitiko Museoko instalazioak 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era irekiko dira Aste Santuan (apirilaren 17tik 21era, biak barne), Euskotreneko iturriek jakinarazi dutenez.

Apirilaren 22an museoa itxita egongo da, eta biharamunetik aurrera, 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era irekiko da asteartetik ostiralera (lanegunetan), 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era larunbatetan, eta 10:30etik 14:00etara igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik).

Aste Santuaren ondoren, lurrunezko trenen zerbitzu erregularrak azaroaren 2ra arte funtzionatuko du. Irteerak 12:00etan eta 17:30ean izango dira larunbatetan eta 12:00etan igande eta jaiegunetan. Gainera, apirilaren 27tik aurrera, ‘Sugina egun batez’ jarduera ere eskainiko da igande eta jaiegunetan, lurrunezko trenean bidaiatzeko aukera ematen duen ekimena, alegia.

Europako tren bildumarik onenetakoa

Bestalde, Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa du bere instalazioetan, mota guztietako ibilgailuekin: lurrunezko tren makinak, dieselak eta elektrikoak; automotoreak eta bagoi mota desberdinak.

Azkenik, Euskadiko makina-erreminta multzorik osatuenetakoa eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez. XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren erlojuen bildumarik onenetako baten laginak ditu.